Category: Kalokagaitia


1.Aurkezpena
2.-Aztarna
3.-Aipua

1.Aurkezpena

UDABERRIKO TXAPELKETA- ELKARLAN OLINPIKOA.

 Kondizio fisikoa gure ikasgaiaren zutabe nagusienetariko bat da, eta hori neurtzen eta hobetzen ahalegindu egiten gara. Iharduera aunitz planteatzen ditugu hori jorratzeko, batzuentzat nekagarriak eta aspergarriak , besteentzat, trebeak direnentzat, haien dohaiak hobetzeko eta erakusteko aukera. Nola batu bi multzo hauek? Nola nahastu olioa eta ura? Edozein gauzatan bezala giro egokia behar da, gogoa piztea ezinbesteko da. Gustuko tokian aldaparik ez. Horretarako planteatzen ditugun jarduerek erakargarriak eta ez ohikoak izan beharko lituzkete. Sigue leyendo

Anuncios

100 urte pasatu dira Antoine de Saint- Exupéry liburuaren idazlea jaio zenetik, gauza xumeekin zoriontsu izatea aholkatu zigun, eta aditzik nagusiena “maitatu” zela erakutsi zigun. Gaur egungo bizimodu ero eta lehiakor honetan Printze txikiaren jokabide inozoa garaiz kanpo dagoela dirudi, baina aurreko mendean ere , liburua argitaratu zutenean, ez zegoen giro, munduko guden arteko goseteak eta izurriteak Europa hilzorian utzi zuten eta. Garapen ekonomiko eta teknologikoak bizi baldintzak hobetu dituzte (iparraldean bakarrik zoritxarrez) baina gizakiak erosoago bizi arren bide-gurutzean jarraitzen dugu. Egungo bizitzaren zarata, azkartasuna, betebeharrak, lehiakortasuna, beldurrak, elikagai kutsatuak, kutsadura, bizimodu artifiziala, jasaten ditugun estimulu ugariek toki guztietatik GEZURREZKO BIZITZA bizitzera behartzen gaituzte. Printze ttipia bezala bakarrik gaude planeta gaixo eta zimurtu honetan.

XXI. mendean informazioa inoiz baino hedatuago dago, estimuluz gainezka bizi gara. Hau horrela, estimulu horiek, ondo kudeatu beharko genituzke, bestela haiek gure bizimodua baldintzatuko dute. Lehendabizi informazioa bereizteko gai izan beharko genuke kapazak izan beharko genuke informazioa bereizten, diskriminatzen arima kritikoen bidez, ostean, beti, hausnarketa prozesu bat etorri beharko litzateke ondorioetara ailega gaitezen. Konformatzea, besteak bezala jokatzea, gehiengoaren ikuspuntu sistematikoa onartzea, nortasun gutxiko pertsonen ezaugarriak dira.

 Kontakizun honetan hori aldarrikatu nahi izan dugu. Pertsonak aske izan nahi badu, askatasuna jorratu beharko luke. Norberaren altxorrik preziatuena zaintzeko erarik onena tresna egokiz hornitzea da. Besteen ikuspuntu ezberdinak onartzen ikasi beharko genuke, baina era berean gure jauregiaren gardentasuna, edertasuna babestu. Egungo bizimoduak ez digu barrura begiratzen uzten. Hala ere, batzuk erokeria honetaz konturatu eta isiltasun bila doaz. Barrura begiratzea bakearen alde jokatzea da. Hau ekialdean betidanik egin dute, guk mendebaldean, berriz, kanpoko gauzei eman diogu garrantzia.

Jaioberriak, animaliak era naturalean erlaxatzen dira, guk, berriz, denboraren poderioz ahalmen hori galdu ostean, teknika ezberdinen bidez berreskuratu behar izaten dugu gaitasun hori. Ilunabarrean eguzkia hortzmugan sartzen ikustean, itsas ertzetik pasatzean edo zuhaitz baten azpian txoriak entzutean…askotan inkontzienteki erabiltzen ditugu estrategia horiek. Norberak bere oreka bilatu nahi badu derrigorrez era kontzientean hausnartu beharko du bere jokabidea eta pentsatzeko era. Erlaxazioa bultzatu nahi badugu, arnasketa, masajea, yoga eta abar jorratzen dugun moduan, norberak bere buruari galderak egin behar dizkio, hausnarketa pertsonala ezin da ahaztu. Meditazioa bideratu ahal izateko asmoz irakurgai hauek eta galdetegia ematen zaie goi mailako ikasleei.

Irudia

Jaiotza lehenengo tentsio unea da, amaren sabelean ia-ia ez zegoen kezkarik, baina sortzen garenetik arazo ugari ditugu, eta haiekin bizitzen ikasi behar dugu. Egungo gizartean gizakiak tentsio ugari jasotzen ditu, gero eta urrunago gaude gure benetako nortasunetik, “garapena” gure sustraiez ez da kezkatu. KANPORA BEGIRA ematen dugu bizitza GUTAZ kezkatu gabe.

Adin guztietan gure bizitzaren kontrola izan behar dugu, gure ahalmenak eta ahuleziak ezagutu ostean nahi dugun bidea aukeratu ahal izango dugu era kontzienteki. Kontrol honek lasaitasuna, bakea ekarriko digu.

Definizio batzuk:

Erlaxazioa: Mendebaldeko kontzeptu funtzionalista, gure oreka epe motzean lortzeko sistema erabilgarria. Jarduerak, meditazio sinpleak, azalekoak dira eta helburu praktiko bat bilatzen du, estres egoera gainditzea.

Meditazioa: Gure barruari begira jartzea. Gutaz hausnarketa egin, gure burua ezagutu nahian. Erlaxazioan baino askoz sakonago ailegatzen gara, ez dugu momentuko oreka bat bilatzen, aldaketa sakonago bat bilatzen dugu. Gure bizimodua eta pentsamoldea orekatu, mundua, unibertsoarekin bat egin, adostasuna lortuz.

Estresa: Arriskutsuak izan daitezkeen estimulu, egoerei erantzuteko gorputzaren erantzuna.

-Onuragarriaegoera erreal batek sortutakoa ( hotzak, goseak)

-Kaltegarriaestresak sortzen duen egoera anormala, irreala eta denbora luzean irauten duena.

ERLAJAZIOAREN ERABILERA:

Jaioberriak, animaliak era natural batez erlaxatu egiten dira, guk berriz, denboraren poderioz ahalmen hori galdu ostean, teknika ezberdinen bidez berreskuratu behar dugu gaitasun hori. Ilunabarrean eguzkia hortz-mugan sartzen begiratzean, itsas ertzetik pasatzean edo zuhaitz baten azpian txoriak entzutean…askotan inkontzienteki estrategia hauek erabiltzen ditugu.

Egungo bizitzaren zarata, azkartasuna, betebeharrak, lehiakortasuna, beldurrak, elikagai kutsatuak, kutsadura, bizimodu artifiziala, jasaten ditugun estimulu ugariek toki guztietatik GEZURREZKO BIZITZA bizitzera behartzen gaituzte.Egungo bizimoduak ez digu barrura begiratzen uzten. Hala ere batzuk erokeria honetaz konturatu egin dira eta isiltasunaren bila doaz. Barrura begiratzea bakearen alde jokatzea da. Hau ekialdean betidanik egin dute, guk mendebaldean, berriz, kanpoko gauzei eman diogu garrantzia. Txunditurik gaude teknologia eta ongizate gizartearekin.

Izatearen nahiak, bakearen beharrak ez ditu erlijioak ezta kulturak ere ezagutzen. Norberarena da eta gure naturaren adierazlea da “.

ILUNTASUNEAN IKUSTEKO GAI NAIZ.

Duela urte asko, urteak zenbatzen ez ziren garaian, gizakiok existitzen ez ginenean, planetan kutsadurarik ez zegoenean, gainontzeko animaliek agintzen zuten. Dirudienez, lehendabizikoak itsasoan sortu ziren eta hain ziren ezen txikiak zelula batekoak ziren. Beranduago bikoak agertu ziren eta horrela emeki animalien tamaina eta formak aldatuz joan ziren. Batzuk, uretatik ateratzea erabaki zuten eta lehenengo narrastiak izan ziren. Beste batzuek, esnea gustuko zutenez ugaztunen taldea sortu zuten. Horrela, animalien familiak asko ugaldu ziren. Garai hartan, gure arbasoak ailegatu baino lehen, eguzkiaren argia itzaltzen zenean munduan ez zen argi izpirik ere ikusten, ilargiarena izan ezik.

Egun batean, lotsagabe bati mundua goitik ikustea bururatu zitzaion, eta zuhaitz handi batera igo zen, bista oso ederra zen, baina arbola altua izan arren munduaren azala askoz handiagoa. Animalia ausart eta temati horrek munduko mendi altuenetara igotzea erabaki zuen, ea puntu gorenetik mundu osoa ikusten zen. Ideia oso ona izan zen baina lurraren azalaren tamaina osoak ikusezina izaten jarraitzen zuen. Animalia honen ahaide guztiek belaunaldiz belaunaldi ahalegin bereziak egin zituzten, egitasmo hau gauzatzeko. Hain izan ziren burugogorrak, ezen hegoak atera zitzaizkien. Hasieran txikiak, gero handiagoak, eta egun batean, hegodunak hegan egiten hasi ziren. Hegan egin zuten lehenengo izakiek mesfidantza eta gorroto handia sortu zuten besteengan; haiek beste inork ezin zuena egiteko ahalmena zutelako, lurra ez zapaltzearena. Hegaztiak planeta osotik sakabanatu ziren, batzuk kolore dirdiratsuak zituzten, beste batzuk kantu miragarriak, denek askatasuna maite zuten. Hala eta guztiz ere, baten bati bururatu zitzaion ikuskizunik ederrena agian ez genuela zertan lurraren azalean bilatu behar, lurraren baitan baizik. Txori buru deitzen zioten, inork ez zion kasurik egin, bakarrik utzi zuten erotuta zegoelakoan. Txori burua gauez bakarrik ibiltzen hasi zen eta kobazulo txikietan sartzeko joera hartu zuen. Halako batean, buruz behera egotea gustuko zuen beste ero eta bera, elkarrekin, kobazulo handi eta ilun batean sartu ziren. Haien helburua lurraren muinetara ailegatzea zen.

Gaur egun, lurra zikindu eta kutsatu dugu, orain urteak, egunak, minutuak, dena zenbatzen ikasi dugu, gizakiok jaun eta jabe gara. Mundu itsusi eta beldurti honetan, guk agintzen dugu eta, nahiz eta gauean gure kaleak eta etxeak argiztatuta egon, iluntasuna da nagusi. Kobazuloetan eta gau ilunetan saguzarrak ikustean izutu egiten gara, eta hauek gugan mesfidantza eta gorrotoa sortzen dute. Aspaldian, lurraren arimaren bila kobazuloan sartu zirenen ahaideak iluntasunean bizitzeko gai dira, eta inork ez bezala mundua buruz behera ikusteko gaitasuna eta grina dute, saguzarrek.

Gaur, inoiz baino gehiago lurreko edertasuna bilatzen ari direnei miresmena sor diegu, eta haiek erakusten diguten jokabide naturala eta ausarta berreskuratuz mundua aldatzen ahalegindu. Gaur egun, inoiz baino gehiago adi egon, kritiko izan eta zure bidea eraiki. Iluntasun ilunean atea irekitzean argia sartzen delako piztu zure kandela eta saguzarra izan. Mundua aldrebes baldin badago hegoak gure iparra izan beharko luke, emakumeek hartu beharko lituzkete gizarteko erabakiak, pertsonen balioa egiten dituzten gauzengatik baloratu beharko litzateke eta ez duten diru edota boterearengatik. Saldu nahi dizkiguten gezurrei, inposatu nahi dizkiguten sinesmen eta beldurrei mozorroa kendu behar diegu. Iluntasunean ikusteko ahalmena garatu nahi badugu askatasuna garatzea ezinbestekoa da, ikuspuntu ezberdinak onartuz, eta gure altxorrik onena, norberaren nortasuna, sendotuz. Zer ikasi horrela hazi.

3.AIPUA

Eduardo Galeano.

GLOBALIZAZIOAREN BELDURRA

Langileek lana galtzeko beldurra dute,

langabetuek lana inoiz ez aurkitzekoa.

Goseari beldurra ez dionak, janariari dio.

Kotxe gidariak oinez ibiltzeari,

eta oinezkoak errepidean istripua izateari dio beldur.

Demokraziak gogoratzeari,

lengoaiak beldurra dio esateari.

Zibilak militarrei,

militarrek arma gabeziari,

armek guda gabeziari.

Beldurraren garaia da.

Gizonaren indarkeriari beldurra diote emakumeek

eta emakume ausartari gizonek diote beldur.

Beldurra lapurrei, beldurra poliziari.

Giltzatu gabeko ateari,

erlojurik gabeko denborari, telebistarik gabeko umeari.

Lo egiteko pilularik gabeko gauari.

Bakardadeari beldur eta jendetzari beldur,

beldurra gertatu zenari eta gerta litekeenari…

beldurra hiltzeari, beldurra bizitzeari… Eduardo Galeano ( Patas arriba )

GIZON ARRAKASTATSU BATEN LEHIOA

Ezin du ilargia begiratu, distantzia kalkulatu gabe,

Ezin du zuhaitz bat begiratu egurra kalkulatu gabe.

Ezin du koadro bat begiratu prezioa kalkulatu gabe.

Ezin du menu bat begiratu kaloriak kalkulatu gabe.

Ezin du gizon bat begiratu bere abantailak kalkulatu gabe.

Ezin du emakumea begiratu arriskua kalkulatu gabe. Eduardo Galeano.

 Bakea berreskuratzeko eta munduarekin eta geure buruarekin oreka lortzeko kalkuluak utzi behar ditugu, eta naturarekin berriz elkartu. Gure sustraietara itzuli behar dugu, gure ingurunea errespetatuz, gure janaria eta bizimodua osasuntsuago bilakatu.

 Gizakia naturatik bereiztea erokeria beldurgarria da. Hegaztiei, hegoak eta arraiei hegatsak kentzea bezalakoa da gizakiei naturaren ezaupidea ezabatzea. Bere nortasunaren aurkako atentatua da. José Martí.

 Justiziarik gabeko egoera ezberdinen aurka, gure indarrak kontutan hartuz, borrokatzen badugu agian mundua aldatuko dugu. Zure ahalmena onartu, zure ezintasunak eta konpromisoak hartzeko beti prest egon .

Zenbait pertsona egun batez borrokatzen dira eta onak dira,

beste batzuk urte batez borrokatzen dira eta hobeak dira,

badaude batzuk urte askotan borrokatzen direnak eta oso onak dira,

baino gutxi batzuk, bizitza osoan borrokatzen direnak,

horiek ezinbestekoak dira. Bertolt Breach.

UTOPIAREN ERAKARPENA.

 “ Utopia hortzmuga bezala uler dezakegu. Bi pausu hurbiltzen banaiz, hortzmuga bi pausu urrunduko da. 10 pausu ibili berarengana, bera 10 pausu haratago joango da. Nahiz eta korrika egin inoiz ez dut harrapatuko.

Orduan, zertarako balio du utopiak?

Horretarako balio du, mugiarazteko . “ Eduardo Galeano”

1.Aurkezpena
2.-Aztarna
3.-Aipua
1.AURKEZPENA: EGUN  HORRETAN  EGUNDOKO  PRESA  NUEN

Presaka inoiz ibiltzen ez dena beti garaiz.

Gorputz Heziketako saioak motzak dira, askotan laburregiak ditugun egitasmoentzat. Denborari etekina atera behar zaio, baina, azkarregia aritzea ez da batere gomendagarria. Ikasketa prozesuan, bizitzan bezala lasaitasuna lagungarria da, ziztu bizian ibiltzeak arazoak besterik ez digu ekarriko. Denborak bere balioa du, baina beti presaka aritzen bagara urrea aurkitzea bezain zaila egingo zaigu gozatzea. Gaur egun emaitzak berehala lortzen ohitu gara, Ongizate gizartean funtsezkoenetako ezaugarri bat berehalakotasuna da. Hala ere, bizitzaren errealitatea zeharo ezberdina da. Ikasketa, ohitura, jokabide sendoz sustatu nahi badugu gure ikasleen prestakuntzan premiazkoa da saiakera pertsonalari denbora nahikoa eskaintzea. Zenbait pertsona lasterketa amaiezin batean murgilduta daude, arnasa hartzeko betarik izango ez balute bezala korrika eta presaka. Hauek, oker dabiltza, bizitza ez baita autopista bat.

Bi atsotitz bidean ; sardina bat lan,sardina bat jan saiakerari dagokionez, eta arestian-arestian xehatzen da burdina saiakeraren iraupenari dagokionez. Beste bat hain zaharra ez dena; ikaslearen lana neurtezina da, ezin baita jakin noraino ailega daiteke bere eragina.

Irakasleen lanaren emaitza epe motzean neurtzeak erraza ematen du, baina epe luzean izango duen ondorioa jakitea ezinezkoa da. Gorputz Heziketa ez litzateke izan beharko eskolan gainditu beharreko ikasgai bat, bere garrantzia askoz handiagoa da, lortutako emaitzak gure baitan txertatuta eramango baititugu bizitzan zehar. Horrez gain, gure saioetan, inolaz ere ez dugu ahaztu behar, ikasleen aniztasuna bideratzeko ezinbestekoa dela taldearen erritmo egokia ezagutzeaz gain horri eustea. Hau horrela, pazientzia izan beharko genuke, eta lasaitasuna aldarrikatu gure jokabideetan.

2.AZTARNA

Gauean, egundoko parranda egin ostean, goizean goiz esnatu nahi zuen itsasoan murgiltzeko. Gustukoa zuen egunsentiko eguzki izpiak ikustea, era berean, ilunsentian ilargia agurtzea. Egia esanda, hainbeste gauza zituen gustuko, ezen askotan ero moduan ibiltzen baitzen harat-honat erlojuari minutuak, segundoak lapurtu nahian.

Goizeko zazpi eta erditan ernagailuak esnatu zuen, baina jaramonik egin gabe, ohean jarraitu zuen, horrela itsasoan murgildu beharrean maindireen olatu zurietan kulunkatu zen. Neguko ur hotza baino goxoagoa zen oheko epeltasuna. Gero, banketxera joan behar zuen, eta horretan ere kale egingo zuen. Hamarretan medikuarenean kontsulta zuen, belauneko minak azken boladan areagotzen ari ziren ,eta medikutan ibiltzea gustukoa ez izan arren, arazoa bideratu nahi zuen. Egia esanda, mina baino gehiago sumina zen, ez oso nabaria baina iraunkorra; eta berak oso gustuko zituen hainbeste gauza egiteko oztopo nabarmena. Hitz ordua hamarretan zen, korrika eta presaka, izerdi patsetan, baina puntu-puntuan ailegatu zen, ez ohikoa zen bezala. Itxaron gela lepo beteta zegoela konturatu zen.

Arranopola! Garaiz heldu eta orain auskalo noiz aterako naizen hemendik – esan zion bere buruari. Gero lanera joan behar zuenez ahalik eta azkarren atera behar zuen. Dagoeneko bere plangintzan planifikatuta zeuden gauza dezente egiteke gelditu ziren. Gainera 12etan klaseak zituen eta materiala aldez aurretik prestatu nahi zuen.

Ordu erdi itxaron ostean, bere txanda heldu zen. Han zain zuen aspalditik ezagutzen zuen sendagilea. Honek betiko legez agurtu zuen, aulkitik zutitu eta eskua luzatuz. Bere eskuak bera bezalakoak ziren, handiak eta indartsuak. Lau urte zeramatzan kontsulta horretara joaten eta oso ondo ezagutzen zuen bai gela bai medikuaren itxura eta jokabidea. Eskarmentu handiko sendagilea zen, bizitza osoan lan horretan aritutakoa, horri gehituko bagenio bere hurbiltasuna eta ematen zuen konfiantza etxeko medikua zela esan genezake. Karlos zuen izena.

Aspaldiko! Zer moduz?- galdetu zion pazientzia gutxiko pazienteari. Itsasoan bainatu behar zuenak, banketxeko bezeroak, orain kontsultan sartu berriak gaizki, atsekabeturik zegoela erantzun zion, erlojuari behin eta berriz begiratuz. Azken hilabeteetan belauneko arazoak izan zuen bilakaera azaldu zion, eta hainbeste denbora arazo berberarekin pasatu ostean ea ebakuntza egiteko ordua ez zen ailegatu galdetu zion. Medikuak ezetz ihardetsi zion, era lehor batean. Arazoak ez zuela konponbide erraza, eta bizitzan zehar gauza gehienekin egin behar dugun moduan , belauneko arazoarekin ere elkarbizitzen ikasi behar zuela . Pazientea ere haserretu zen. Bere belaunak pazientziarik ez bazuen, zergatik izan behar zuen berak?. Minaren kontrako konponbide azkarra nahi zuen, eta medikuak, berriz, inongo dendetan edota botiketan eros ezin daitekeen gauza bat aholkatu zion.

Jose Mari zuk behar duzuna ez dizute inon salduko, eta ezin izango duzu inon erosi, zuk behar duzuna PAZIENTZIA besterik ez da.

 Itsasoan goizean goiz eguzkia uretatik ikusi nahi zuenak eta egin ez zuenak, banketxean diru kontuak argitu nahi zituenak eta horretan ere kale egin zuenak, anbulatorioan belauneko minak konpondu nahi zituenak zera erantzun nuen:

 – Begira erlojuak ez dira gelditzen, ez dute barkatzen, beti aurrera eta gu haien atzean. Nik orain azkar lanera joan behar dut, nik posible dut erlojuaren orratzei gauza bera eskatzea, erritmoa mantsotzea, baina horrek ez du ezertarako balio. Haiek beraien erritmoari jarraituko diote TIK , TAK , TIK , TAK gelditu gabe.

Pazienteak ez zuen hitz potolo horiek entzuteko ez gogorik, ezta betarik ere. Berak nahi zuena, hain justu ere, kontrakoa zen, ahalik eta azkarren mina sendatu eta handik di-da batean ospa egitea. Medikuaren eta pazientearen arteko hesia, paper eta txosten medikoz gainezka zegoen mahaia, murriztu egin zen. Karlosek betaurreko urdinak kendu zituen, eta patxada osoz Jose Marirengana hurbildu zen, enborraren pisua mahaian jarriz, ukalondoen gainean.

Maiz ezin dugu nahi duguna berehala lortu, eta egoeraren arabera, gure nahiak, agian, zeharo aldatu beharko genituzke errealitatearekin ezin dutelako bat egin. Gizakiok ez gara makinak, askoz konplexuagoak gara, eta gertatzen zaizkigun gauzei konponbidea emateko osotasunean aztertu behar ditugu. Bizitza ez da lasterketa bat, eta gure gorputzaren energia ez da amaiezina – Ez nintzen batere harritu horrelako burutazioa entzutean. Bizitzak eta lanak Karlos esperientzia handiko jakintsu bilakatu dute, eta berak kontsulta arrunta espektakuloa txiki bilakatzen du. Nortasun handikoa, berezko filosofia du. Averroes, XII. mendeko mediko-filosofo musulmanaren esana: “ bizitza bizi nahi duenaren eskuetan dago “ Norberak bere ahaleginak egin behar ditu eta neurri handi batean gure baitan daukagu sendagilerik onena, gure jokabidea eta nahia.

 – Hori dela eta geldotasuna, arnasa eta hausnarketa egiteko denbora berreskuratu behar dugu, elikadura, bizimodua, elkarrekiko harremanak dena PAZIENTZIAZ gauzatu behar dugu. Egiten dugun orori bere denbora eta arreta eskaini. Zuk irakaslea izanik honen berri izango duzu ezta ? – galdetu zidan, iritziren bat espero balu bezala.

Hitz honen jatorria: PAKEAREN ZIENTZIA da. Bakea bilatu behar dugu nonahi, eta bereziki gure jokabidean, gure burua errespetatuz … PAZIENTZIA – Hauek izan ziren bere azken hitzak. Nik, burua goitik behera azkar mugituz, eskua luzatu nion, agurtu eta alde egin nuen. Ailegatu nintzen bezala korrika eta presaka.

Medikutatik atera orduko hamaikak eta laurdenak ziren, hamabietarako institutura ailegatzea ezinezkoa zenez telefonoz hots egin nuen. Inork ez zuen erantzun. Kotxea hartu eta eskolara ziztu bizian. Herrira heltzean jende mordo bat ikusi nuen kalean eta aparkalekurik ez. Oso urrun laga nuen kotxea, berriz eskolara korrika abiatu nintzen eta berriz berandu ailegatu, nola ez, izerdi patsetan.

 –Arranopola ! Hau ez duk posible – esan nion nire buruari. Institutua itxita aurkitu nuen, hutsik, orduantxe jabetu nintzen. Herriko jaiak ziren.

Arnasa sakon hartuz, nire pausuak, taupadak, eta burutazioak baretu ziren, munduaren erritmoarekin uztartuz. Tipi-tapa, emeki mendialdera oinez joan nintzen. Usako ur-putzuan uretan dzanga sartu nintzen. Ur jelatutan sartzean izerdia eta estresa di-da batean desagertu ziren, sartu atera besterik ez egin arren. Ondo lehortu eta aldatu ostean, patxadaz eguzkitan, ia lokartu arte. Izpiek berotzen ninduten bitartean, Averroes eta Karlosen esanak etorri zitzaizkidan burura. “ Bizitza bizi nahi duenaren eskuetan dago “ “Bakea nonahi bilatu behar dugu eta bereziki gure jokabidean, gure burua errespetuz “. Nola? PAZIENTZIAZ .

 Zein ondo biziko ginatekeen egun arruntetan aurkitzen ditugun altxorren distirari kasu egingo bagenie.Presaka inoiz ibiltzen ez dena, beti garaiz ailegatzen da.

3.-AIPUA

Pazientziaz ahantzita

beti gabiltza korrika

gaur egungo gizartean

alde batetik bestera.

Lehen ez zebiltzan horrela

zeukaten ritmo motela,

ta zer egin ote dugu

aurrera edo atzera?

Nahiz eta irakurrita

ez dirudien polita

nor ibiltzen da gaur egun

jende lasaian antzera?

Zu bazara holakoa

gero ganorabakoa

deitzen dizute gainera.

Rutina ez ahal da izaten

beti ere azken baten

puntualitatea bera?

Eta hau gustatzen zaigun

hortxe doakizu lagun

gure biziko galdera.

Ta gustura ez bagera,

alde egiteko aukera

nonbait geratu ote da.

1.Aurkezpena
2.-Aztarna
3.-Aipua
1.AURKEZPENA: ERLOJUAK  EZ  DU  BARKATZEN
Toreroak ez izan arren, gure klaseetan denborari dagokionez, bi zezen adartsu toreatu behar dugu gorputz heziketako irakasleok: bata dutxari uzten diogun tartea, eta bestea, klase hasieraren puntualtasuna. Gure ikasgaiaren ezaugarri bereziak direla eta ( espazio ezberdinak erabili behar izatea, materialaren erabilpena, ikasleen trebeziaren eta kondizio fisikoaren aniztasuna, klasearen antolakuntza, dinamikaren garrantzia ) saioaren denbora erreala oso motza da. Horrenbestez ahalegindu behar dugu hori ondo probesten. Behin eta berriz, sistematikoki garaiz heltzen ez denei idazlan hau bidali izan diet:

Erlojuak ez du barkatzen eta nire izena esan zutenean ni ez nengoen han.

Ikasleek eta irakasleek dugun denbora ondo aprobetxatu nahi badugu ez dugu alperrik galdu behar. Edonola ere, horrek ez du esan nahi ero moduan korrika eta presaka aritu behar dugunik, ezta esne mamitan, patxada osoz, egun osoan lokartuta eman behar dugunik ere. Oreka bilatu behar dugu, horretarako ikaslearen konpromisoa ezinbesteko da, erlojuak ez baitu erritmoa etengo. Laburbilduz, denboraren kudeaketa ahalik eta azkarren ikasi beharko genukeen ikasgaia da, horretan bizitza jokoan baitago.

2.-AZTARNA

Tik, tak, tik, tak horrela entzuten zen antzinako egongelan nire amonaren erlojua, eta tarteka- marteka, orduro, hain zuzen ere, dong, dong. Txikitatik erlojuaren kolpe horiek bihotz-taupadak izango balira barneratu ditugu. Animaliek, zuhaitzek eta landareek eguraldiaren arabera jantzi-erantzi, joan-etorri egiten duten eran, guk dong, dong artifizial hauekin gure bizitza antolatzen dugu. Goizean goiz, ia denak 7-8etan esnatu eta lanera edo ikastera joan behar izaten dugu. Jaio berriari ere, ildo beretik, otorduak eta lo egiteko uneak ahalik eta azkarren erakusten dizkiogu. Horiek horrela, orok egunak eta bizitza dong, dong, dong eta tik,tak, tik, tak entzunez antolatzen dugu.

 Ni nire amonaren etxean nengoenean 8 dong-ek kafesnea eta berak prestatutako magdalenak esan nahi zuen, gero eskolatik bueltan 2 dong eta bazkaria, 3 dong-ekin baloia hartu eta ospa futbolean aritzera, 6-kin Barrio Sesamo eta etxeko lanak , lau gehiagorekin ohera. Erlojua etxeko nagusia zen, etxeko eta munduko erritmoa berak agintzen baitzuen. Hortxe, etxearen erdian, luzea bezain justua, inoiz ez zen gezurretan aritzen. Oso serioa zen, zorrotza, ez zeukan gupidarik, ez zen inoiz inorekin errukitu ezta adiskidetu, agian zorrotzegia zen. Horren lekuko gosariaren ordu miragarria zen, egun berriaren jaiotzak kafe usaia zuen, nahiz eta bi ttantta kafe besteri ez izan, zapore hori betirako 8 dong-ekin lotuta egongo da. Bai, zortziak gustukoak nituen, luzatu nahi nituen; eskolako ikasgai batzuenak ordea murriztu, mate edo erdara adibidez, eta alderantziz gimnasia, plastika eta natur orduak luzatu. Hala ere, ezinezkoa zen, nire amonaren erlojuak, ezagutzen nuen handienak eta serioenak, beti erritmo bera zuen. Mundua bere esanetara zegoen, hanka luzea beti erritmo arinean tik, tak, tik, tak, hanka motza, berriz, motela zen eta luzea goitik pasatzean erlojuak dong, dong zioen.

 Erlojuaren seriotasunaren beste muturrean amonaren alaitasuna eta bizi poza zeuden, beti irribartsu eta nire eskaerak betetzeko prest. Behar zenean zorrotza zen baina zorroztasun hori kamutsa zen, gauza guztiak gozo xuxurlatuz esaten zituen. Oso gutxitan altxatzen zuen ahotsa, behar-beharrezkoa zenean bakarrik. Are gutxiagotan, erlojuak ez bezala, kolpeak ere jotzen zituen, baina hauek beste soinu bat zuten, zaplaztekoak baitziren. Ipurmasaileko horiek ia inoiz ez zituen erabiltzen baina barrabaskeriaren tamainak eskatzen zuenean berak ere zorrotz jokatzen zuen zirti-zarta.

 Jadanik nire amonaren erlojuak ez du funtzionatzen, ezta nire amona Ursularenak ere . Hainbertze ordu elkarrekin eman ostean biek batera funtzionatzen zuten eta bata eten zenean bestea ere bai. Orain, amonaren etxera joaten naizenean, egurrezko pareta-erlojua 8etan lokartuta ikusten dudanean, kafesnearen usaina datorkit burura,eta nire haurtzaroa gogoratzen dut.

 Orain, urteak dira, konturatu nintzela erloju zahar eta serio hura ez zela munduko ordularia. Bera ez zen gainontzeko guztien gainetik agintzen zuena. Orain, bizitzaren erritmoa onartzen hasia naiz, eta une, momentu bakoitzari etekina ateratzen ahalegintzen naiz, amonak egiten zuen bezala. Biak, bai bataren seriotasuna ( erlojuarena ) eta bestearen alaitasuna ( amonarena ) uztartu egin daitezkeela ohartu naiz.

 Zoritxarrez, biak joan zirenean ni urrun nengoen eta amonak nire izena esan zuenean ni ez nengoen han. Gaur egun haien ildotik jarraitu nahi dut. Alde batetik erlojuaren erritmo harmonikoa eramaten tik, tak,tik,tak une bakoitzari etekina ateratzen, eta bestetik bizi poza nonnahi bilatzen, beti irribartsu amona bezala. Nire izena esan zuenean ni ez nengoen han, baina orain nire soinean haiek utzitakoa daramat. Serioenak denbora probestu behar zela erakutsi zidan; alaienak ordea, irribarrez egin behar nuela.

 Bizitza maite baduzu aprobetxatu denbora, hau baita osagairik funtsezkoena.

3.-AIPUA

Erlojuak ez du barkatzen

Ene zenbat ordulari

dauden munduak kantari!

Asmatu zuten lehenengoa

oin urte ugari.

Denok begira berari

gaude beti adi-adi,

beharrezkoa edo karga bat

den ez daukat argi.

1.Aurkezpena
2.Aztarna
3.Aipua

1.AURKEZPENA: MENDI PUNTATIK NOLAKOA DA ZURE ARGIA?
Garai batean, curriculumean ikasgai guztietan landu beharreko eduki orokorrak zehazten ziren zeharkako gaien bidez. Hauek gizarteratze prozesua bermatzeaz gain, norberaren nortasuna sendotzeko oinarriak zehazten zituzten. Gaur egun, zeharkako gai hauek beste modu batez antolatu dira, eta gaitasun terminoetan espezifikatu dira.Berez, egon, badaude, baina, zaila egiten zaigu jorratzea eta gehienetan zeharka, oso zeharka jorratzen ditugu. Lantzen baditugu.

Gorputz heziketako ikasgaian bertan, agerian gelditzen da hezkuntzari, ematen diogun garrantzia. Arloaren izena Gorputz baldin bada, Hezkuntza da abizena. Heztea da gure oinarrizko helburua, oinarrizko ohitura osasungarrien lehenengo zutabeak jorratzeaz gain, pertsonei bide egokia erakusten ahalegindu behar dugu. Eduardo Galeanoren ipuin batean oinarritu dut hausnarketa hau; “ Mendi puntatik nolakoa da zure argia? “eta “galdetegi txikia”.

Gure ikasgaian, pertsonen arteko hartu-emanak behin eta berriz gelditzen dira agerian. Berez, saioetan elkarren arteko harremanak aztertzeko eta bideratzeko aukera aparta dugu. Aprobetxa dezagun. Indar ditzagun jokabide egokiak, eta dinamika txarra dagoen geletan hori aldatzen ahalegindu. Gerta liteke, helburu hauek ditugun baliabideekin aldenduta, oso urrun gelditzea, baina, ikusita egungo egoera, utopia lagungarria da, errealitatea gordinegia delako.

Utopia hortzmuga bezala uler dezakegu. Bi pausu hurbiltzen banaiz bera 2 pausu urrunduko da. Hortz-muga aldera10 pausu ibili ondoren bera 10 pausu haratago joango da. Nahiz eta korrika egin, inoiz ez dut harrapatuko.Ordun, zertarako balio du utopiak? Horretarako balio du….mugiarazteko”………………Eduardo Galeano

2.AZTARNA

Mendi puntatik nolakoa da zure argia?

 Ego Amerikako Indio tribu bati lurra goiko zerutik nolakoa izango zen jakitea bururatu zitzaion. Indioek bakarrik oihana ezagutzen zuten, eta inor inoiz ez zen hortz mugan agerian zeuden mendietara joan. Hango mendi erraldoiek bizkar zuria zuten, “ walupi “ tximinoek bezala. Urrun, oso urrun, ikusten ziren hango lurrak, ibilbidea luzea bezain arriskutsua zen. Egun batean, denak bildu eta jakin-mina betirako ase behar zela erabaki zuten.Zer ikusiko zen munduko puntarik garaienetik ? Haiek bakarrik bizi ote ziren? Zer ote zen bizkar erraldoiaren gainean zegoen oihal zuria?

Indio begiluze eta temati bat, “Inti”k, bere burua aurkeztu zuen bidaiarako, eta egun euritsu batean ekin zion ibilbideari. Ibai amaiezinean bere ontzian uretan sartu, eta emeki-emeki oihanean murgildu zen.Egunak joan egunak etorri, indioen artean jakin mina urduritasun bilakatu zen. Gero, euri-jasak ailegatu zirenean, “Inti” kementsua berriz ikusteko itxaropena betirako galdu zen. Handik aurrera, jakin-mina burutik ezabatu zitzaien, beldurraren beldurrez.

 Egunsenti ilun eta euritsu batean dena aldatu zen; indio begiluze eta tematia berriz azaldu zenean.

Hona hemen indio ausartak kanpamendura heldu zelarik kontatu zuena:

 Ibilbidearen gorabeherak amaiezinak izan ziren, mundu ezagunetik kanpo haiek bezalako gizakiak eta animaliak zeuden, baita ezberdinak ere.Ibaiak, lakuak, zuhaitzik gabeko esparru lehor eta zabalak non ia-ia ez zen inor bizi. Gauza harrigarriak kontatu zituen eta denak aho zabalik utzi zituen. Hala ere, narrazioaren momenturik harrigarriena mendi puntara ailegatu zenean izan zen.

 – Egunak neramatzan oihal zuria zapaltzen eta oinek orduarte inoiz ez ezagutu ez zuten hotza pairatu zuten. Nire pausuak hondarrean bezala markaturik gelditzen ziren, eta eguzkiak jotzen zuenean, oihal zuria urtu egiten zen. Oso latza egin zitzaidan altura hartan aurrera jarraitzea, eta amore eman behar izan nuen zeharo ahiturik. Zorionez mendi magalean bizi zen tribu batek babesa eman zidan, haiekin igarotako denboran haien hizkuntza ,ohiturak eta bizimodua ikasi nituen. Azkenean, haietako bat bilakatu nintzen. Horrela, hotz ikaragarria eta goseari aurre egiten ikasi nuen. Gustura egon arren, nire herriak eman zidan erantzukizunari berriz heldu nion, eta gailurreko bideari ekin nion. Bidea gero eta gogorragoa zen, goiko aldean animaliak eta landareak desagertu ziren. Harriak eta hauts zuria besterik ez zegoen, arnasa hartzea oso zaila zen.Zerua ukitzera heldu nintzenean gau argitsua zen, eta zeruko izarretan bezala lurrean ere distira azaltzen zen han eta hemen .

-Hau ez duk posible. Burutik jota zegok! Esan nion nire buruari.

 Erokeri hauek nekearen ordainak zirela otu zitzaidan; are gehiago beheko izartxo horiek, lurrean ikusten zirenak, kolore ezberdinekoak zirela konturatu nintzenean.Munduko tontor garaienetik argi txikiak ikusten ziren, su txikiak ematen zituzten. Batzuk, alaitasunez, toki batetik bestera mugitzen ziren, argia eta goxotasuna emanez. Beste batzuk, argia eman ordez, piztuta zeudenak amatatu egiten zituzten eta hori lortzean, iluntasuna zen nagusi. Gau osoa munduari begira eman ostean, aurreko egunean utzitako aztarnak jarraituz, itzulierako bidea hartu eta adiskideengana ailegatu bezain pronto mendian “amestutakoa” kontatu nien. Indioek kontakizuna ez zela inolaz ere amets bat esan zidaten, hori munduaren errealitate gordina besterik ez zen.

 -Munduaren hasieran argia zen nagusi, beldurra ez zen existitzen eta gizakiok familia handi bat ginen, kolore guztietako argiak ilusioa eta bizipozaren adierazleak ziren. Hori guztia urteak aurrera egin ahala aldatuz joan zen; berekoikeria, gezurra, bortizkeria azaldu heinean koloreak gero eta ilunagoak bilakatu ziren. Itzalak eta beldurrak, berriz, han eta hemen nagusitu.

 Eduardo Galeanoren ipuin batean oinarritua.

 Hau izan zen indio ausartari eman zioten azalpena, gero berak antzinako bizilagunei errepikatu ziena. Istorio hori duela urte mordo bat gertatu omen zen, edo agian, Inti tematiaren burutazio hutsa izan liteke. Hala ere, batzuk diotenez, su horiek ikusteko ez dugu oso urrutira joan behar.Hona hemen munduan firin-faran dabiltzan su moten sailkapen txiki bat:

 Su apalak eta itzal bortitzak:

 Berehala sumatzen dira su apalak, sakabanatuta, han hemenka ibiltzen dira , txikiak, zotilak eta iraunkorrak dira. Baina, itzaltzeko arriskuan daude beti .

Itzal bortitzek su apal harekin bukatu nahi dute, eta betiko amatatu. Itzal bortitzak ez dira batere apalak, eta bortizki erasotzen dituzte su apal horiek. Besteak nola hala, menperatzen ahalegintzen dira, eta ez da samurra haiei aurre egiten.

 Diotenez:

Indartsuena ez da gehien jotzen duena, gehien jasaten duena baizik”.

Gizajoak, besteak baino gehiago direla uste dutenak, haien sinismeneko jauregian preso direlako.”

Gure jatorria eta helmuga non dauden aztertzen badugu, koloreak, sinismenak, erlijioak, ahalmenak eta horrelako jantziak ahaztuz, larru gorritan, guztiak berdinak garela ohartuko gara.

ARMAK

Zuk fusil bat duzu eta ni gose naiz.

Zuk fusil bat duzu ni goseak nagoelako.

Zuk fusil bat duzun horregatik ni gose naiz.

Zuk fusil bat izan dezakezu, zuk 1000 bala izan dezakezu.

Zuk nire kontra alferrik bota dezakezu.

Zuk posible duzu ni behin, bitan, hirutan, 2000, 7000 aldiz ni erail.

Baino, epe luzean, ni zu baino hobeto armaturik egongo naiz.

Zuk fusila duzun bitartean ni goseak bainago.

M.J.Arce

Su faltsuak.

 Apalak eta bortitzak baino askoz ugariagoak. Kolore askotako suak; bat-batean gorriak, berehala, gero laranjak, ondoren horiak… Mendi gainetik su mota hauek ez dira ongi bereizten, oso aldakorrak direlako. Noizean behin, su apal bilaka daitezke, eta toki batetik bestera itzalaren beldur iheskor mugitzen dira; beste batzuetan itzal bortitz ere bihur litezke, beti ere zapaltzaileen alboan babesa hartuz.

Normalean,kolorea egoeraren arabera egokitzen dute. Moda jarraitzaile sutsuak dira:gorria modan dagoela denak gorri, gero, urdin ilun nagusitzen dela, ba…orok urdin ilun…

 Hauek, su faltsuek, injustizien aurrean gehienetan ez dute ez alde ez kontra jokatzen, haiei bost axola. -Hor konpon Marianton- esaldia, gustukoa dute.

Su faltsuen artean, batzuk kezkaturik egon arren, ez dute ezer egiten, gutxi egin dezaketelakoan; ez dira konturatzen gehiengoa, azken finean, pertsona partikularrekin , zurekin, nirekin, bestearekin osatzen dela. Jendarteak, “jendeak”, gutxiengo baten gai utzi du indarra, nahi duena egin eta desegin dezan.Gehiengo horrek, egunen batean, haiek ere su apalak bezalakoak direla konturatuko dira eta, tamalez, haien erregu eta eskaerek ez dute erantzunik izango. Patuak umezurtz utziko ditu, haiek erakutsitako axolagabekeri berberaz.

 Hasieran komunistak hartu zituzten eta nik ez nuen ezer esan

komunista ez nintzelako.

Gero judutarrak eraman zituzten eta nik ez nuen ezer esan

judutar ez nintzelako.

Ostean langileekin sartu ziren eta nik ez nuen ezer esan

langile ez nintzelako.

Ondoren katolikoekin sartu ziren eta ez nuen ezer esan

protestante nintzelako.

Eta amaieran, nigana etorri zirenean ez zegoen inor protestatzeko.

Bertol Brecht

Sute amataezinak:

 Inguru guztia kiskaltzeko ahalmena dute. Iluntasun ilunean ere argia emateko gauza dira.

Hain dira sutsuak! Itsaso zabala eta iluna den mundu honetan, itsasargiak dira

noraezean dabilenarentzat. Galduta dagoenari bidea erakutsiz, hotza duenari beroa emanez

eta samina duenari adiskidetasuna.

 Elkartasuna adierazten duenak, apaltasunez, guztiei laguntzeko prest izaten da. Besteen gainetik ikusten diren argi hauek, su amaiezinek, ez dituzte koloreak, erlijioak edota herriak bereizten. Gehienekin ongi moldatzen dira, haien jatorriaz kezkatu gabe. Ezinbestekoak ditugu gaur egun, mundu ilun honetan, hartu beharreko bidea erakusten digutelako.

 Pertsona batzuk, egun bat borrokatzen dute eta onak dira.

Beste batzuk, urte bat saiatzen dira eta hauek, hobeak dira.

Badaude urte askotan ahalegintzen direnak, eta hauek oso onak dira.

Baina, badira bizitza osoan borrokatzen dihardutenak, hauek ezinbestekoak dira.

Bertol Brecht

Hiram Binghamek, 1912an, Peruko Andes mendilerroan, Inca inperioaren hiri ezkutatua, “Machu Picchu “, aurkitu zuen.

Behatoki natural hori mendi puntan dago eta handik ia-ia zerua hatzekin uki daiteke. Incek, “ Ekiaren seme-alabek”, eraiki zuten, eta jatorrizko hizkuntzan “Eguzkia gelditzen den tokia “ esan-nahia du.

 Inperio hau hedaduraz, Hegoamerikan inoiz izan den inperioarik handiena izan da.Egungo Ekuador, Bolivia, Chile, eta Argentina herrialdeetan kokatu dezakegu. 4000km luze horietan etnia ezberdinak elkartzen zituen. Andeetako mendilerroa ardatz hartuta, galtzada eta harriz egindako eraikin harrigarriekin batu zituen inguruko herriak. Kultura honen jatorrian “ Inti “ eguzkia zegoen.

 Inperio Incaren ezaugarri aberatsena aniztasuna zen, bere tamaina eta indarra amodioan, elkartasunean sustraitu ziren. Haiek opari, itun eta elkartasuna jokabideen bidez lortu zuten. Komunikatzeko tresna gaur egungo Kechua hizkuntza erabili zuten.

 1532. urtean, Francisco Pizarrok Incak menderatu zituenean, haiekin batera sekretu asko desagertu ziren. Haien aztarnak, harriak, hizkuntzak, istorioak ailegatu zaizkigu. Hala ere, galdera askok erantzunik gabe jarraitzen dute.

  • Agian, Inti indio ausartaren kontakizuna lagungarria izan liteke argitasuna emateko.

  • Agian, Machu Picchu eraiki txundigarriaren jatorrian gure hizkuntza egon liteke, “ Eman su, piztu “

  • Agian, Incak mendiko behatokitik eguzkiari begira egon beharrean, lurra emankorrari eta gizakien arteko hartu-emanei jartzen zioten arreta.

  • Agian, konkistatzaileak Amerikara ailegatu baino lehen, “El Dorado” ren utopia existitu zen . Baina, ez zen haiek amestutako urrearen hiria izango. Hango lurralde oparoaren arima, ilusioa, elkartasunaren distira izan zitekeen “ El Doradoaren “ altxorra.

 Kolonek eta Espainolek, India Berrietan lurreratu zirenean, Mundu Berria deskubritu zuten. Une horretan Inperio Incaren dekadentzia hasi zen eta urte gutxitan fisikoki desagertu zen.

XXI. Mendean, mundu garatuan, errepideak eta hiriak kolore ezberdinaz argiztatuta daude gau eta egun. Hala ere, 500 urte pasatu ondoren “ El Dorado” ren bila itsu-itsu gabiltza.

GALDETEGIA:

             1- Zein da gaur egungo “ El Dorado “….gizartearen interesa?

             2- Azken 500 urte hauetan aurrerapen handiak eman dira, baita atzerapenak ere. Zure ustez zeintzuk izan dira aipagarrienak?

             3- Demagun, egundoko entrenamendua egin ostean posible duzula 500 urteko jauzia egitea, NOLAKOA izango zen ikusiko zenukeen mundua?

            4- “ Inti “ ren ipuina gogoratuz, zure ustez…mendi puntatik ikusita, NOLAKOA da zure argia?

3.AIPUA

Mendi puntatik nolakoa da zure argia?

 Argi mota ugari

munduan dagona,

argiz beterik daude

andre ta gizona,

baina gehiegirena

ez da gero broma!

Argi iluna dute,

ilun ta sakona,

zabaltzen dute beti

hara eta hona

apurtuz amalurra,

hautsiz guztiona.

Hauena itzaltzea

litzateke ona.

1.Aurkezpena
2.Aztarna
3.Aipua
1.AURKEZPENA
ADORE ETA ETSIPENA. NOR BAINO NOR DABIDEN KEMENA ETA GOLIATEN HARRESI APURTEZINA.

 Jaio berriak amarekin lotura estua du mundura iristean, bere dependentzia erabatekoa izanda, gurasoen babesa bilatzen du aldioro negar eginez. Denboraren poderioz menpekotasun hori gainditzen da, eta bi urte betetzean beste mundu ezezagun bati aurre egin beharko dio haurrak: haurtzaindegira joan beharko du estreinako aldiz. Batzuentzat, amazuloentzat, aldaketa hau oso minbera izango da. Beste batzuentzat, berriz, buruaskitasunaren bidean ematen diren lehenengo pausu hauek ez dira hain latzak izango.

Norberaren nortasunaren garapenean aldaketak, egokitzapenak maila guztietan ematen dira. Bai ikasketetan bai harremanetan bai gizarteratze prozesuetan pausoz pauso gero eta gorago igo behar dugu, buruaskitasunaren gailurra zapaldu arte. Bide luze honetan, oztopo aunitz gainditu beharko ditugu, horien zailtasun mailak lotura zuzena izan beharko luke norberaren ahalmenekin.

Amazuloek mundu berri bati aurre egingo dioten bezala, helduok, kontzienteki kemena jorratu behar dugu geure nortasuna sendotu nahi izanez gero. Hezitzailearen ardurarik zailenetariko bat, ikaslearen ahalmenen arabera hezkuntza prozesua egokitzea litzateke. Hausnarketa honetan ikasleek haien inguruan ezagutu izan dituzten antzeko jokabideak azaldu beharko dizkiete gelakideei.

Adorea eta etsipena. Nor baino nor. Dabiden kemena eta Goliaten harresi apurtezina.

Ezinezkoa da “. “Ezin izango dut lortu “. “Gehiegi da niretzat “. Horrelako esaldiak ziur aski behin baino gehiagotan atera dira gure ezpainetatik. Hau normala da, norberak bere ahalmenak ditu, eta hauek mugatuak dira. Hain normala ez dena, hauexe da; egoera ezezagunen aurrean beti jokabide koldarra azaltzea da.

Ezintasun egoera iraunkor batenpean bizitzeak beldurtu egiten gaitu, gure ilusioak eta dohainak murriztuz. Porrotak behin eta berriz errepikatzen badira, gero eta urriagoa izango da norberarengan dugun konfiantza. Nolanahi ere, pertsona askok ezinezko egoeren aurrean erakusten duten adore eta kemenari esker emaitza onak lortzen dituzte, eta horrek lur eta zur uzten gaitu.

Gizakiok gure baitan dugu etorkizuneko giltza. Gure eguneroko jokabideak iragana bermatzen du. Koldarkeriaz, adorerik gabe jokatzen badugu horrelakoxea izango da gure buruak egingo duen irakurketa, eta porrotaren gerizak gure baitan mesfidantza hedatuko du. “Ez, altuegia da, zailegia niretzat”, “Nik ezin dut ikasgai hori gainditu”, “Ni ez naiz hori egiteko gauza ” esaldiak behin eta berriz errepikatuz, pertsona ezinbestez ezkor bilakatuko da, funtsik gabekoa.

2.AZTARNA

Elefantea: Bazen behin ume bizkor bat, beti galdezka eta hausnarketak egiten ibiltzen zena, egun batean zirkoa iritsi zen bere herrira. Ikaragarria zen ikusmina, zirkoak oso gutxitan etortzen baitziren herrixkaraino, interesa gehien piztu zuenak elefantea izan zen.

Pakidermoa ikustean txunditurik gelditu zen ume kaskamotza. Hala ere, gehien harritu zuena ez zen elefanteren tamaina edo indarra izan, bere euskarria baizik. Belarditxo batean, animalia erraldoia sokatxo xume batekin lotuta zegoela ikustean, bere buruari galdetu zion “ nolatan ez da askatzen ?” Euskarri herdoildu eta txiki horrek ezin zion inolaz ere animaliaren indarrari eutsi. Orduan,” zergatik ez da askatzen ?” galdetu zion zirkoko zaindari bati. Horrek hezita zegoelako ihardetsi zion gizonak. “ Hala baldin bada zertarako euskarria?” pentsatu zuen.

Umea aitarengana joan zen, eta hark zera erantzun zion: “Elefantea, txikia zenean, buru belarri borrokatu zen askatasuna lortzeko , baina, hain zen txikia, ezen ezer lortu gabe amore eman behar izan zuen. Egunak joan egunak etorri bere nahia, askatasuna lortzeko grina, apalduz joan zen, porroten ondorioz .Orain, oso indartsua izan arren, jadanik ez da saiatzen. Bere ustez, euskarria gaindiezina bilakatu baitzaio”. Buruaz keinua eginez aitaren azalpena onartu zuen semeak.

Kontakizun txiki horretan argi gelditu da porrota iraunkorraren ondorioa. Guk, geuk askotan konfiantza falta dela eta gure ahalmenak mugatzen ditugu. Hala ere, denok dugu gure baitan zailtasunei aurre egiteko giltza.

Edozeinek daki adorez, kemenez jokatuz gero, konfiantza hobetuko dela. Zailtasunak gainditzen diren heinean, lorpen txiki horiek etorkizuneko lorpen handiagoak bermatuko dituzte. Ahaleginekin adorearen indarra handituko da, arazo zailei muzin eginbeharrean aurre egiteko joera indartuko da. Gainditu behar ditugun arazoek, jakina, zailtasun neurri egokia izan behar dute. Helburuak ez dira zailegiak izan behar, gaindiezinak: gai izan behar dugu horiek gainditzeko. Ekinaren ekinez, ezina egina dio esaerak. Beraz saiakera bultzatu, ahalegina landu behar dugu alor guztietan. Saiakera honetan, bai gurasoek, bai adiskideek, bai heziketarekin zer ikusirik dutenek erantzukizun handia dute .

Bi igel: Zenbait kasutan, arazoen aurrean pazientzia eta sosegua gehitu behar diogu gure saiakerari. Kontakizun honek itxaropenaren indarra erakusten digu.

Bi igel esne pitxar batean erori ziren, eta isuri zuri horretatik atera nahian egundoko ahaleginak egin zituzten. Bata oso handia eta indartsua zen, baina erresistentzia gutxikoa. Bestea txikiagoa zen eta ahulagoa, baina inor baino burugogorragoa. Igel handiak, bere ahalmen fisikoaz fidatua, gau osoa ihes egin nahian eman zuen; bere jauziak oso handiak izan arren, pitxarraren altuera are handiago. Igel txikiak, bere indar eskasekin, hankak oso geldo mugitzen zituen eta lanak zituen ez itotzeko. “Ezer egin ezin dugunean, alferrik da ezer egiten saiatzea ” pentsatu zuen berak.

Halaxe, gaua eman zuten bi igelek, batak hankak azkar higituz salbatu nahian, eta besteak lasai patua onartuta. Leher-leher eginda igel handiak ezin izan zuen gehiago eutsi, eta ito egin zen. Igel petralak ordea, gau osoa eman zuen flotatzen. Goizean, txikia jabetu zen bere lagunaren mugimendu azkarrak esnea gurin bilakatu zuela, eta ontzitik ateratzeko jauzi bat besterik ez zuen egin behar izan.

Altuera jauzilariak orduak eta orduak emango ditu jauzien teknika lantzen altuera ezberdinetan. Hasieran, txikia denean, baxu-baxuak; gero, koxkortzean, handiagoak, eta horrela eginez, entrenamendu planifikatuen bidez hobetuko ditu emaitzak. Gure bizitzan ere horrela jokatu beharko genuke, jauzilariaren antzera, saiakera eta planifikazio egokia uztartuz.

1.Zailtasunaren listoia altuegia jartzen badugu, inoiz ez dugu gure helburua lortuko. Etsipenak eta konfiantza ezak gure ahalmenak gutxituko dituzte, eta ezintasun iraunkor horretan elbarri gera gintezke. Ilusiorik, motibaziorik gabe, arazo berriei aurre egin beharrean erantzunik gabe geldi gintezke.

2.Zailtasunaren listoia baxuegia bada, ordea, eta adinari dagozkion arazoak konpontzen saiatu beharrean, ukatzen baditugu edota ez ikusiarena egiten badugu, ibilbidea xamurregia izango da ibilbidea. Saiakerari, nekeari eta denbora eskatzen duten ikasketei ahaleginak kentzen badizkiegu, edo errazten baditugu, esne mamitan biziko gara besteen lepotik, gure nortasuna garatu gabe. Horrela ilusioa, motibazioa eta arazo berriei aurre egiteko ahalmena lokartu egingo dira, erosotasunaren atzaparren artean. Zaila egingo zaigu lozorrotik esnatzea, eta beti noraezean ibiliko gara, aitzaki-maitzaki. Ibaian hostoa jaisten den moduan, korronteak eramanda, berak ez du bizitzaren norabidea gidatuko. Ezkorra izango da indarra, eta bera adimen gutxikoa ez du ahalmen nahikorik izango ohiko arazoei irtenbidea bilatzeko, ahalmen hori sekula landu ez duelako.

3.Zailtasuna, arazoen listoia egoki kokatua baldin bada, adorearen indarra azalduko da. Entrenatzaileak egiten duen moduan, bere atletari pixkanaka-pixkanaka gehiago eskatuta, gure oinarrizko ahalmenak garatuko ditugu, eta horrela, adoretsu bilakatuko gara. Porrota bera, informazio esanguratsu modura erabilita, Eroriz ikasten da oinez!! Kemenaren seme-alabak izango gara. Ibilbidea ez da xamurra. Eguneroko harremanetan, ekintza ezberdinetan arazoei aurre eginez sendotuko dugu nortasuna . Bizitza abentura bat da, egungo porrota ikasi beharreko ikasgaia da, eta etorkizuneko arrakastaren hazia. Kemenaren seme-alabak fede hauskaitza du eta etekina ateratzen dio guztiari. Azkarra da, ahalmen hori behin eta berriz landu duelako; bere indarra amaiezina izan daiteke bere baitan duelako.

Gure inguruari, gure bizitzari begirada bat botatzen badiogu, adorearen seme-alaben adibide aunitz ikusiko dugu. Duela mende asko, Dabiden kemenak eta adimenak Goliaten indar irabaztezina menperatu zuten. Gaur egun, guri dagokigu bizitzaren zailtasunei aurre egitea. Bizitzaren hormatzar gaindiezina apurtzea gure baitan baitago, adorea, inteligentzia eta saiakera erabilita.

Nork erran zuen beldur! Harri-jasotzaile moduan arituz, markak gaindituko dituzu. Eutsi horri!

Kirol munduan, edo hainbat arlotan, saiakerak eta kemena non nahi aurki ditzakegu. Bilatu horrelako jokabideak aldarrikatzen dituzten pertsonak edo gertaerak.

Hasieran, baxutik hasi behar duzu, eta gero zeure buruari erronka txikiak jarri.

Pixkanaka zeure buruarengan ziurtasuna hartu ondoren, zailtasuna handitu.

Ikusiko duzu nola, saiatu ondoren, egunen batean

zure helburuetara helduko zaren.

3.AIPUA

Adorea eta etsipena.

 “Por poder, se puede hacer todo”,

Nire lagun baten hitza,

Baina batzutan zaila omen da

Jartzen diguten baldintza.

Ezin dut egin, ez dut lortuko”

Beste lagunak dabiltza

Ta ez dakite saiatutzea

Dela ate denen giltza.

Porrotaren beldurrak askotan

Deusezten digu ekintza

Eta porrot hori deuseztea

Izan behar da langintza.

Beldurrak ahaztu, beldurrei agur

Ziurtasun osoz mintza,

Modu honetan askoz hobeto

Joango zaizu ta bizitza.

1. Aurkezpena

2. Aztarna

3. Aipua

1.AURKEZPENA

Pertsona bakoitza ameslari bat da, eta bere eran egiten du amets. Amets horiek sentimendua, emozioa, zirrara piztuko dute. Ameslarien kopurua handia izanik hauen ametsena are gehiago.

Euskararekiko norberak duen harremana berea da, ezbairik gabe arlo horretan abiapuntu ezberdinak izan ditugu, eta gune ezberdinetan hezi eta hazi gara. Batzuek ama-hizkuntza izan dute euskara, beste batzuek, aldiz ez .Gure hizkuntzaren ezaugarri nagusiena aniztasuna izanik, euskalki ugari dauden eran, hiztun mota franko ere badaude: euskaldun zaharrak, euskaldun berriak eta erdaldunak. Horretaz gain norberaren gogoetak eta bizipenak ere anitzak dira. Euskaraz bizitzea eta euskaraz amestea batzuentzat ohikoa eta erraza den bitartean, aldiz, beste batzuentzat helburu lortezina eta amets gaiztoa izan liteke. Bereziki hauei eskaini behar diegu gure babesa eta laguntza. Hizkuntza inposatu ordez eskua-euskara luzatuz. Mirariak eta edabe magikoak ez dira existitzen. Bizitzan benetako balio duten gauzak lortzeko borrokatu behar dugu, eta horretarako GOGOA gure barrenetik atera behar.

Altza auzoan euskararekiko sugarra piztu nahian ikasleei ipuin hau banatu genien. Haiek amaiera asmatu behar zuten. Horrekin batera ALTZA-PORRU dantza emanaldian, nire ikasle guztiek haiek eginiko koreografia eta abestiak plazaratu zituzten. Emanaldi hau Altzako Kultu-etxean gauzatu zen, eta ikasleak aretoan sartu ahala, euskara bultzatzeko asmoz, Juanola bat eman zitzaien. Dantza, sormenaren mundua eta euskara uztartu nahi izan genuen. Koreografia, gorputzarekin komunikatzeko tresna da, eta berba, euskara kasu honetan, ere bai. Ipuina errealitatera eraman nahi genuen eta horregatik “ Juanolak” banatu genituen. Dantza emanaldiaren aurkezleak euskara eta erdaraz aritu ziren.

Ipuinaren amaierari dagokionez ikasleen aurkeztutakoak geletan irakurri eta jorratu genituen, Kevinena berriz, eszenatoki gainean irakurri zen. Amaiera xumeak eta zuzenak honako hau zioen:

Pilulak ez ditugu behar. Si queremos aprender, aprenderemos porque queremos, no por pastillas. Aprenderemos por huevos.–

Kevin ailegatu berria zen Euskal Herrira, eta garai hartan, oraindik, euskaraz ez zuen amesten.

2.AZTARNA

Amaia Asterix balitz, zu Obelix edo Ideafix izango zinateke?

7:30 PM – Ring! Ring! Menuda pereza y con el frío que tiene que hacer, menos mal que hoy es Viernes.

 Ostiralero bezala Amaia institutura joateko prestatu zen, jantzi, gosaldu, bizkar-zorroa taxutu, amari musu pare bat eta oraindik esnatu gabe kalera jaitsi zen . Han, betiko izkinean, lagunak ditu zain. Hitz egiteko gogo gutxirekin, maindireen artean izandako ametsetan jauzika lurreratu gabe. Hala ere, pixkanaka neguko hotzak eta txirrinaren zorroztasunak barkatzen ez dutenez, esnatu behar zen.

 8:15 PM – Uhaoo Amaia! Qué frío, vamos a movernos que nos cierran la puerta. Puf!!! con el catarro que tengo no puedo ni hablar, y hoy también se les ha olvidado encender la calefa en la calle…

– Lasai neska, que hoy tenemos euskera a primera. Anda toma unas Juanolas que me ha dado mi agüe “el baserri” ea katarroa joaten zaigun.

 Amaiak erregaliza betidanik gustuko zeukan eta kutxatxotik batzuk hartu zituen. Um… hori bai freskura sudurrean eta eztarrian. Eztarria eta sudurra garbitu ostean errazago egiten zuen arnas, aldartea aldatu zitzaion.

 Zortziak eta hogei-

  • Vamos chicas que llegamos tarde. Amaia has hecho las etxeko lanak de mate?

  • Kasualitatez nik gaur dena egin dut ez litzaidake batere axola andereñok eskatzen badit. Gustura egiten dut, gainera irakaslea oso jatorra da.

 Nekane txunditurik geratu zen. Euskaraz bakarrik institutuan eta irakasleen aurrean hitz egiten zuten . Zer zela-eta horrelako hizkuntza aldaketa eta klasetik kanpo euskaraz aritu. – Honek gaixorik egon behar du!, pentsatu zuen bere baitan.

  • Umm! Neka, probatu aitonaren Juanolak, ikaragarriak dira. Ez dakit zer izango duten, baina egundoko martxa eman didate.

 Nekak ere Juanola batzuk hartu zituen, eta eztarria ere freskatu zitzaion. Taldetxoa kontu kontari eskolara iritsi arte… Amaia isildu gabe, inoiz baino berritsuago euskaraz barra-barra bide osoan. Patioan sartzean, HIKAz hasi zen.

– Egun on Nekane. Agurtu du atezainak

  • Alhan ekarri. Aizak, Beñat, zer moduz egin duk lo ?

 Atezaina ere zur eta lur geratu zen. Handik aurrera, sarreran, eskaileretan… topo egiten duenarekin euskaraz aritu da alaitasunez, freskuraz, euskaldun peto-petoa balitz. Ez bera bakarrik, berarekin zetozenek ere zeharo euskaldunak ematen zuten. Nekane ere, holaxe egiten hasi zen, hasieran hitz batekin, gero bi hitzekin…esaldi oso bat osatu arte. Handik aurrera gelditu ezinik eta harriturik bezain kezkaturik. Nekane, neska heldua zenez, bere inguruan gertatzen ziren gauza guztiak kuriositatez aztertzen zituen. Ondorioak atera nahian. “ Kasualitateak ez dira existitzen, gauza guztiek badute bere esan-nahirik esan ohi zuen. .

  • Baina zer dela-eta hitz egiten dut euskaraz ? Zergatik hasi gara euskaraz berba egiten ? – galdetu zion bere buruari- Amaiak emandako azken Juanola ahoan zuela.

– Itxaron, badaukat ! Hasieran hitz bakar batzuk zirenak esaldi bilakatu ziren. Eztarria eta sudurra garbitzean aize freskoa arnastu dugu eta gure barruan lozorroan zegoen arbasoen hizkuntza esnarazi du. Agian, Amaiak ekarritako Juanolak izan dira errudunak. Zenbait eta Juanola gehiago jan, orduan eta euskaldunago bilakatu zen.

Bere hipotesia bidezkoa zen: Juanolak dastatu zituztenetik euskaraz primeran mintzo ziren. Amaiarengana jo zuen eta Juanolak eskatu zizkion

Eman orduko hura ustekabea! Juanola hitzaren ordez, Jonola irakurri zuen. Gainera, gibelean hizki larritan KONTUZ BELARRI MOTZAK, JONOLAK LUZATZEN DITU BELARRIAK .Beherago, hauxe:

  • Osagaiak: erregaliza, mentol eukalipto eta euskaltol.

– Oharrak: botika honek eztarriko sumintasuna eta eztularen kontra gomendatzeaz gain, euskararekiko joera pizten du. ANIMA ZAITEZ. EKIN EUSKARAZ!!!

Hipotesia egiaztatua zen.

  • Nondik lortu dituzu Juanola hauek Amaia ?

– Nire aitona Txitxarrainek eman zizkidan lehenegoan eta egunero hartu behar nituela aholkatu. Ikusi behar zenuen nola jarri zen

Gracias ague “ esan nionean…sutan jarri zen.

Nekanek dena ulertu zuen; “ Juanola eta Jonola “, “ Belarrimotzak kontuz “,

Euskaltol “, baita aitonaren haserrealdia ere. Ilobari euskaraz aritu eta Amaiak erdaraz erantzun izana. Sustraiko adar berriak usteltzen hasiak ziren.

Emaiozu amaiera ipuin honi, eta protagonistak bezala arnasa hartu nahi baduzu har ezazu Juanola edo hobeto esanda Jonolaren bat.

GALDERA SORTA IPUINTXOARI BURUZKOAK.

 -Txitxarrainen hizkuntza gal ez dadin Jonolak dietan derrigortzea irtenbide ona al da?

  1. Bai horrelako mirari bat behar da, bestela akabo euskara gaixoa.
  2. Ez euskara dago inoren mende, eta galtzen bada, erabat ez da galduko. Zenbait herrixkatan mantenduko da, behintzat.
  3. Ez. Guri dagokigu konpromisoa hartzea, pilularik gabe.

 -Euskara zenbait tokitan, zenbait pertsonarekin eta zenbait egoeratan erabiltzea logikoa da ?

  1.  Bai. Irakasleekin eta eskolan soilik.
  2. Ez. Baina oso zaila da, eta gainera neketsua.
  3. Ez. Erabilera gure eskutan dago.

 -Asterixek eguneroko zailtasunei aurre egiteko “ pozima “ edabe bat hartu behar du, Obelixek berriz, txikitan beharrekoa hartu ostean, erromatar edo basurdeak harrapatzeko beti prest dago.

 Asterix Amaia balitz, eta Panoramix “ druida “ bere aitona .ZU NOR IZANGO ZINATEKE ?

  1. Belarri handi galiarra, borrokatzeko – euskaraz aritzeko aitzakia – edabe “ pozima “ bat behar duena

  1. Belarri motz erromatarra, “ gracias ague “ beti erderaz erabiliko duena.

  1. Ideafix,, hezur xume betekin aski duen txakurra.Guau, guau bost axola, pepsikola” erantzuten duena.

  • Obelix, galiar ausarta, bere ilusioen alde borrokatzeko prest dagoena ( euskaraz noski ).

INKESTA OROKORRA.

-D ereduan gaude. Demagun irakasleek, atezainek eta ikasleek euskara ez dutela erabiltzen, hori dela eta, institutuko hizkuntza-eredua aldatu beharko genuke?

  • Bai.

  • Ez.

Zergatik?

  • Nahi dugun ereduan ikasteko eskubidea dugulako, nahiz eta, ikasleok euskara ez erabili.

  • Zuek, irakasleek, saiatu behar duzue guri motibatzen. Erabiltzen ez bada zuen akatsa da, ez gurea.

  • Gure eskubidea delako, eta agian gure egin beharra. Baina oraindik ez gara nahiko helduak hortaz jabetzeko, eta askatasuna dugunez nahiago dugu erdaraz aritzea.

-Hizkuntza bat ondo menderatzea ezinbestekoa al da erabil ahal izateko?

  • Bai, guk neurri batean ezagutzen dugu, baina zeharo menderatzen ez dugunez, nahiago dugu erdaraz aritzea, lotsa edo erosotasunagatik.

  • Ez, kapazak gara ezagutzen dugunarekin ongi moldatzeko, hala ere bakarrik tematienak animatzen dira.

  • Ez, gauza gara euskaraz aritzeko ongi menperatu gabe.

-Hizkuntza bat zeharo ez menperatzeak eguneroko solasaldietan zailtasunak sortzen ditu. Zergatik ?

  • Lotsa ematen digulako.

  • Eroso sentitzen ez garelako eta beste hizkuntza batean errazago komunikatzen garelako.

  • Gaizki ikusita dagoelako.

  • Gure ingurua mugatzen duelako, jendeak ez baitaki.

-Gure lurraldean, zenbait kasutan gaztelera ama hizkuntza nagusia izanik, euskaraz bizitzeko eta ikasteko zailtasunak ditugu.

  • Bai.

  • Ez.

Zergatik?

  • Bai. Nik bakar-bakarrik, ingurua aldatu ezin dudalako; horregatik eta nahiago dut euskara eskolan erabili, eta kito.

  • Bai.Niri euskara bost axola.

  • Ez. Pixkanaka-pixkanaka maila dezente lortuko dugu eta euskaraz arituko gara.

  • Ez. A eredukoek erdaraz egiten duten eran, guk euskara ere ongi ikasi eta erabiliko dugu.

3.AIPUA

Amaia Asterix balitz…

 Ezauketan dot jonolaren bat

probatu gura lukenik

ez eukitteko gure euskera

ikasteko arazorik.

Zoritxarrez ala zorionez

Ez da esmau holakorik,

eta Asterix baino Obelix

izatia gurau dot nik.

Ez dau jonola biharrik.


1-Aurkezpena
2-Aztarna
3-Aipua

1-AURKEZPENA

Zenbait momentutan, eguneroko bizimodu ero honetan, ez ohiko jokabide batzuekin harrituta gelditzen gara, eta beste mundu bat existitzen denaz ohartzen gara; gizarte honen anestesia orokorretik esnatuz, eta lokartutako sinesmenak berpiztuz. Adibidea, 13 urteko neskato honek, Estelak bere mugak ezagutzeaz gain konfiantza zuen bere buruarengan, eta kemena eta ahaleginaren bitartez zailtasun horiek gainditzeko erabili zituen. Gertakizun hau, Burlata herrian, bizi izan nuenean aho zabalik gelditu nintzen, gero, pozez gainezka nire sinesmenak indartu ziren.

 Jaiotzez denok ditugu gure ahalmenak, eta hauen artean bat, gainontzeko guztiak garatzen dituena, JARRERA. Gure helburu xumeak, eta ez xumeak, lortu ahal izateko era egoki batez uztartu behar dira gure indarrak eta kanpotik jasotzen dugun laguntza. Horrela gure ahalmenak sendotuta zailtasunei aurre egingo diegu era eraginkor batean. Orainaldian etorkizuna eraikiko dugu. Alegia, prozesu horretan ditugun porrotak ikasi beharreko ikasgaiak dira.

Bizitzan arrakasta ez lortzea baino okerragoa da saiatu ez izana “ Roosvelt.

 Jakintasunak, maisutasunak, ez du zer ikusirik ezaupideekin, lotura estuagoa du askatasunarekin . Gure burua ezagutzen dugunean, eta besteak diren bezala onartzen ditugunean, gure bizitza bidera dezakegu. Halaxe, gure buruarekin dugun harremana, munduarekin eta besteekin izango dugun erlazioan agerian geldituko da. Uste duguna garelako, gara uste duguna. Hasiera hasieratik neskak erabaki zuen kameleoiak baino, sagu-zaharrak zituela gustuko eta mundua aldatzeko prest zegoela…

2-AZTARNA

Ez zen beste mundukoa, gelan parte hartzen zuen, baina atentzioa eman gabe. Lana gogoz egiten zuen, baina zaratarik ez. Hasieran bere izena ahaztu egiten nuen, baina orain inoiz ez dut ahaztuko. Gelako giroa eskasa zenez, saioan betiko ikasle bihurriak kontrolatzen ematen nuen denbora gehiena.

Aizue hori ez, hurrengoan kalera! Isilik eta arreta jarri zure bikoteari!

Ez zegoen zereginik. Kaosa, anabasa zer zen jakiteko, gela hartan sartzea besterik ez zegoen.

Bera ongi aritzen zen, baina kaosarekin ez zen nabarmentzen. Langilea izateaz gain, ez zuen dohain berezirik, kemena eta ahalegina izan ezik. Zailtasunari aurre egiten zion, matematika eta ingelera ziren bere mamu handienak . Ordu asko ematen zituen, ez zen beldurtzen, eta, horrela, bere gabeziak gainditzen zituen. Gorputz heziketako ikasgaian % 100 ematen zuen. Talde lanetan nahiz bakarkako eginkizunetan ahalik eta hobekien egiten ahalegintzen zen. Dena dela,bere ahalmen fisikoak oso apalak ziren, eta trebetasun berezirik ez zitzaion sumatzen. Hala ere, mundua hankaz gora ikustera ausartu zena, beti gogoan izango dut.

Garai hartan kirol soinketa jorratzen ari ginen eta azterketa egunean egin behar ziren ariketen artean buruz beherako esku oreka egin behar zen “PINUA”, hain zuzen ere. Bera, pisutsua zen, pottolina, eta eskuen gainean egotea ia-ia ilargia ukitzea bezain zaila zen berarentzat. Klaseko kaosaren eragileak, gustuko ekintzen artean besteaz trufatzea zuten gustuenetariko bat, eta bereziki zailtasunak zituztenez. Mundua hankaz gora ikustera ausartu zenak ohikoak zituen horrelako mesprezuak. Ni klasean diziplina eta begirunea bermatzen saiatzen nintzen. Baina, hain zen zaila! Saiatu, saiatzen nintzen, baina askotan amore eman behar, eta sinesmenak, ideiak eta asmoak beharren arabera egokitu behar izan nituen. Kameleoiak bizirik jarraitzeko mimetizazioa erabiltzen duen bezala, pertsonak askotan ere berdin jokatu beharrean gaude. Izan ere, oso zaila baita haize kontra aritzea, ia ezina.

Berak, mundua hankaz gora ikustera ausartu zenak, ez zuen kameleoia izan nahi, ez zuen horrela jokatzeko inongo asmorik. 14 urteko neskak beste animalia bat zuen maite. Berari ez zitzaion gustatzen ez alferkeria, ez aitaziki-maitzaki ibiltzea, ezta indarkeria egoera ez. Bera zuzen eta txintxo aritzean, agerian gelditzen zen Kaosaren erdian. Egunero jo eta su aritu ostean, itzulipurdiak pixkanaka egiten ikasi zuen, pottoka jauzia ere lortu zuen, baina PINUA ez. Berarentzat esku oreka egitea ilargia lortzea bezalakoa zen. Agian, 100 urte saiatuz gero. Hala ere, berak ez zuen inoiz amore eman.

Eta 100 urte baino askoz lehenago azterketa eguna heldu zen azterketa eguna. Frogan banan-banan, 7 ariketa jarraian egin behar zituzten, eta aukera zuten bikotearen laguntza probesteko. Trebetasunen artean, PINU beldurgarria. Mundua hankaz gora ikustera ausartu zena, bere izena entzutean, hasierara abiatu zen, eta konfiantzaz ekin zion azterketari. Konfiantza osoz egin zituen itzulipurdiak aurreraka eta atzeraka, hankak zabalik, 360 graduko bira, nola hala albo gurpila, bikain pottoka jauzia eta lehoia. Azken ariketa besterik ez zitzaion falta, bere mamu beltza. Denok harrituta geunden, PINUa ailegatu arte dena ongi atera zen. Bere bikotekidea prest zegoen bera laguntzeko, baina berak ezetz erran zion, ez zuela laguntzarik behar. Begirada guztiak bereganatu zituen. Kaosaren jarraitzaileen irribarre maltzurrak azaldu ziren. Estela, PINU egitera inoiz ailegatu ez zen 14 urteko neska, bere mamu izugarriari aurre egin nahi zion, bakarrik, inoren laguntzarik gabe.

Isiltasuna zen nagusi. Danbor hotsak entzun ziren, baina Estelak ingurukoari jaramonik egin gabe bereari ekin zion. Bulkada hain indartsu eman zion, ezen bertikala gainditu eta… ZAPATUN. Bizkarrez koltxonetara erori zen. Hura algara, kaosaren partaideena, txaloka, eta trufa eginez. “ Beste bat, beste bat”, hasi ziren denak. “Eutsi goiari, animo. Hori dun neska”.

Bera ez zen larritu , are gehiago, berriz saiatu nahi zuela esan zuen.

Nik nahikoa egin zuela esan nion, eta ez zuela ezer frogatu beharrik. Estelak temati errepikatzeko eskubidea zuela esan zidan; nik, hala ere, aukera eman nion. “Bai, bai, berriro, animo, ja, ja, ja, eutsi horri, beste bat, beste bat”, oihukatzen zioten kaosaren lagunek. Bitartean, batzuk eskuak frotatzen ari ziren.

Isiltasuna nagusitu zen, berriro, danbor hotsak entzun ziren, eta bat-batean Estelak eskuak lurrean eta hankak haizean, behatzeko puntekin ukitu zuen ilargia . Denok ahozabalik gelditu ginen, gure bizitzako pinurik ahaztezinena ikustean. Egun horretan askok mirarietan sinesten hasi ginen. Une horretan, kameleoien kopurua asko murriztu zen, baita kaosaren jarraitzaileena ere.

Egun horretan, Estelak, mundua beste begi batzuekin ikusten erakutsi zigun. Estelaren gurasoek erran zidaten neskak 3 aste zeramatzala jo eta su “sagu-zaharra “ egin nahian. Hasieran, bere amaren laguntzaz; gero, paretaren kontra bakarrik. Berarentzat PINUA, “ sagu-zaharra “, ilusio, erronka bat izan zen. Norberak erabakitzen du non jarri mugak.Ematen zuen berarentzat ia-ia ezinezkoa zela, baina, azkenean, mundua aldrebes ikustea lortu zuen. Agian, mundua aldatu nahi zuelako. Gu, behintzat, egun horretan jabetu ginen hura posiblea zela.

Erronka horiek bizitzan zehar azaltzen zaizkigunean norberak erabaki behar du kameleoia edo erradikala izan. Azken hau, hautatzen dutenek oztopoei konfiantzaz eta ondokoen laguntzaz aurre egin beharko diete, haien sinesmenak jarraituz. Nik orain sagu-zaharrak maite ditut eta ahal den neurrian munduari buelta ematen saiatzen naiz, alderantziz kameleoiak eta artaldeak ez ditut gustuko.

——————————————————————————————————–

Saiakera, kemena adierazten duen pasarte edo bizipen bat kontatu. Ez zara oso urrutira joan behar, zure bizitzan bertan izan dituzunak erabil ditzakezu.

 3.-AIPUA

Saguzarra eta kameleoiak.

 Hori da neska, badu indarra,

edozein ez da hemen saguzarra.

Kameleoiek zer anabasa,

hartzen diot gure gelaren traza.

Egoera hori hankaz gora

ikusiko nuke nik gustora.

Masailak more

eta ez du emango amore,

eta ez du emango umore.

  • Zer da Kalokagaitia? Nolakoa da nik aldarrikatu nahi dudan Gorputz Heziketa?

Hitz greko honen sustraian ( Kalos ) EDERTASUNA eta ( Agathon ) ONTASUNA daude. Gizakiaren osotasuna bi horien batuketa orekatuan datza, eta kalitate etiko, fisiko eta psikologikoen bidez lortzen da. Oreka intelektualak, etikoak eta estetikoak gizaki aske eta orekatua bermatuko dute. Ez al da hau, hain zuzen ere, gure hezkuntzak bilatu behar duena?

Gorputz Heziketako arloa, ikasleek mugitzeko dituzten ahalmenak hobetzera eta trebeziak garatzera bideratzen da. Ikasgaiak zera du helburu: mugimendu-jokaeraren ezagutza sakontzea , eta gorputzaren jokaera horrekin lotura duten jarrera, balore eta arauak nork beregain hartzea.

  • Kalokagaitia helburu ikasgaiaren ezaugarriak.

G.Heziketako metodologia eta gelan eramaten dena ezberdina da; gurean antolakuntza, ikaslearen partaidetza eta pertsonen arteko harremanak ezberdinak dira. Gure ikasgaian ikas-irakas egitura konplexuagoa eta aberatsagoa da. Heldutasun-garapenean ikasleen erabakien ardurak progresiboki hazi behar du bai fisikoki bai mentalki eta bai gizarteratze mailan. Horrela hezkuntzaren helburu nagusia BURUGAITASUNA.

Eredu KONSTRUKTIBISTA aldarrikatuz, ikaslearen partaidetzari emango diogu garrantzia. Partaidetza erabakiak hartzen, ekintza horiek burutzen eta kontrolatzen gauzatuko da. Gure arloan ez dugu ahaztu behar lorpena eta errendimendua baino garrantzitsuago dela norberaren saiakera. Gu hezitzaile izanik eta eguneroko erronka elkarlana dela jakinik, motibazioa eta norberaren nortasuna espiritu kritiko bultzatzea da helburua. Helburu hau lortzeko hiru ardatz nagusi erabiliko ditugu:

 -Metodologia aktiboa:

Ikasketa prozesuan metodo konstruktibista erabiltzen saiatuko gara eta ikasleei ahal den neurrian ardura ematen. Metodologia aktiboa, hau da, gorputzarekin eta hausnarketa bidez gauzatuko dugu.

­-Ekintza adierazgarriak:

Jorratzen ditugun jarduerek erabilgarriak izan behar dute, eta ez bakarrik eskola barruan, gure aisialdian eta gure bizimoduan ere bai. Horiek ikaslearen inguruko errealitatearen eta ahalmen fisikoaren abiapuntu izanik, haien interes mailara egokituak egon beharko lirateke.

-Eduki teorikoen garapena:

Gure ikasgaiak praktikoa izan behar du gehien bat. Eduki teoriko eta praktikoen artean erlazio zuzen bat egon behar du. Teoria honek ahal den neurrian hausnarketa bat bultzatu behar du. Gure ikasgaiaren berezitasunak kontutan izanik harremanak, natura, osasuna, aisialdia, nortasuna eta abar luze bat jorratzeko aukerak eskaintzen digun abagune hau ez dugu alferrik galdu.

    • Iturburua hausnarketa.

Ekintzaren sortzailea nahi da, nahiarena kontzientzia eta kontzientziarena hausnarketa. Orain arte aipatutako egitasmoek helburu nagusi bat dute ikaslea heztea eta ikasketak amaitzean benetako autonomia lor dezan baliabideak ematea. Horretarako mugimendu eta gorputza izango dira gure oinarriak, haiekin ikaslearen arlo afektibo, kognitibo eta organikoa jorratuko ditugu. Irakasgaiaren helburu nagusia etapa-amaieran ikasleak bere jarduera fisikoa modu burutsuan planifikatzeko gai izatea da. Horrek eskatzen du ikaslearen partaidetza aktiboa eskatzen du, berak kapaz izan behar du bere ondorioetara ailegatzeko, eta bere erabakiak hartzeko. Gure ikasgaiaren xedea ikaslearen kontzientzia-maila sendotzea da; bere burua ezagutu eta onartzen badu, handik aurrera askatasunez eraiki ahalko du bere nortasuna. Mugimendua eta gorputza baldin badira gure ikasgaiaren ardatz nagusienetarikoa ezinbestekoa izango da hausnarketa eta ekintzaren kontzientzia.

 Hala ere, astean zehar daukagun saio kopurua eskasa denez, 2 saio, ikaslegoaren prestakuntza orokor hau lortzea lan utopikoa da. Baino Saramagok zioenez : “ Utopia; egitasmo lortezinen bila ilusioz ibiltzea ezinbestekoa da hobetzen jarraitzeko”.